XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) gertakari normal haiek aztertuz aurkitu ditugun arima-jarduera inkontzienteak, zentsurak eta errepresioak, itxuraldaketak eta ordezkoen moldaketak gertakari patologiko andana baten lehenengo ulerkera ahalbidetu digute, eta, nolabait esateko, neuropsikologiaren enigmak argitzeko giltzarria eskutan jarri.

Ametsa, horrela ulertuz, edozein sorkari patologikoren eredu arrunta bilakatzen da.

Ametsa ulertzen duenak neurosien eta psikosien mekanismoak ere gainikus ditzake.

Ametsenetatik abiatutako ikerketei esker neurosien psikologia bat eraikitzeko prestaturik dago psikoanalisia, beti ere lan iraunkor baten bidez puntuz puntu osatzen jarraitu beharko bada ere.

Orain lantzen ari garen interesgarritasun psikologiko honek zera baino ez du eskatzen, osotasun honetako bi osagai sakontasun handiagoz azter ditzagula, alegia:

fisiologiaren bidetik argitu nahi diren patologiaren eremuko gertakari ugari ekintza psikiko huts direlakoaren froga, eta emaitza anormaletarako bidea prestatzen duten prozesuen jatorria irrika psikikoetan aurki daitekeelakoarena.

Adibide batzuen bitartez azaldu nahi dut bietarik lehen baieztapena.

Aspalditik izan dira histeria-atakeak eragin emotibo ugarituen adierazpen moduan onartuak eta afektu-leherketekin parekatuak.

Adierazpide deskribitzaileetara bildu nahi izan zituen Charcotek gertakari horien agertze-modu anizkorrak; horrelatsuko atakeetan gordetzen ziren irudikapen inkontzienteak adierazi zituen P. Janetek;

psikoanalisiak argitu duenez, gaixoaren fantasia inkontzienteki entretenitzen duten bizi izandako edo asmatutako gertakarien adierazpen mimiko baino ez lirateke horrelakoak.

Errepresentatutako ekintzen kondentsazioen eta itxuraldaketen bitartez ikuslearentzat ikusezinezko bilakatzen dira pantomima horiek.

Ikuspuntu berdinetik aztertu beharko lirateke histeria-gaixoen beste sintoma iraunkorrak ere.

Sentipen-bizitza inkontzienteki menpean hartzen duten eta ezkutupeko nahimen erreprimituak betetzen dituzten fantasien adierazpen mimiko edo haluzinaziozkoak (...)